XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Adiskide batzuk ere irabazi nituen bide nabar.

Hoien artean, oraingo Hiri-diruzaina den Baleriano Etxeberria jauna.

Bixita bat egin diot, orain gutxi, On Jose M. Otegi adiskidea lagun nuela.

- I intzan bai, elementoa! - dio Balerianok.

Ordu aunditan guri zirika ta burlaka pasa ondoren, ire burua larri ikusita zasss! kotxean sartu, zaldiari bi latigazo jo eta gero... nork i arrapatu!.

Argentinari buruz Bordel-era joan nintzenean, hantxe topatu nuen Baleriano, Girondar-en estatua aurre-aurrean zegoela.

- Hemen aldi?.

- Bai, Ameriketara niak eta.

- Nun ago ostatuz?.

- Hôtel du Midi-n.

Eta i?.

- Ni... zea....

Bordelen igaro nituen zortzi egun haietan, Baleriano izan nuen gidari ta erakusle, uria ederki ezagutzen zuen eta.

Argaltxo neukan nik patrika, eta berak... argaltxoago.

Ba zuen ordea Balerianok halako aberastasun berezi bat: erromantizismoa alegia.

Bein batean, Ameriketara zijoazen nafar batzuekin topo eginda, hura txapelaz jantzia ikusita euskalduna zela antz emanik, erosketara laguntzeko eskatu zioten.

Baita pozik lagundu berak.

Denda batetik irtetzerakoan, nagusiak bazter batera eramanda: - Tori zure komisioa, esan zion.

- Zer da hau? galdetu zuen Balerianok arrituta.

- Bitarteko ta interprete guziei komisione bat eman oi diegu ta....

- Bainan ni ez naiz bitarteko ta ez interprete ere, ofizioz beintzat.

- Ez da axola... ar zazu komisione hau.